Huhezinema 2012ko epaimahaia, osatuta!

Aurtengo Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiko epaimahaia osatzen dute Aitor Gutierrezek, Beñat Sarasolak, Maialen Sarasuak eta Miguel Gomez Tejedorrek. Horiek banatuko dituzte lau sari; lehiaketa ofizialean, Euskarazko Lan Onenaren Saria, Film Labur Onenaren Saria eta Produkzio Onenaren saria, aldiz, ikasleen lehiaketan Film Labur Onenaren Saria. Hemen epaimahaikideen ibilbidearen inguruko informazioa:

Aitor Gutiérrezek telebistarako saio desberdinetan egin du lana. Besteak beste, ‘Escépticos’, zientziari buruzko telesail dokumentalean eta ‘Ciudad K’, TVE-rako umorezko telesailean. Gainera, ‘Pagafantas’ eta ‘No controles’ filmeen making off-ak egin ditu eta hainbat bideoklip zuzendu ere bai. ‘Perestroika’ on-line telesaila ko-idatzi eta zuzendu ondoren, Notodofilmfest-eko aurtengo finalista den ‘Tesla. Versión 04’ laburmatraia zuzendu eta idatzi du.

Beñat Sarasola idazlea eta literatura ikertzailea da. Filosofian eta Literatura Konparatuan lizentziaduna da, eta estetika modernoaren inguruko tesia amaitzen ari da gaur egun. Bi poema liburu ‘Kaxa huts bat’ (Alea) eta itzulpen bat ‘Nemesis’ (Philip Roth) ditu kaleratuta. ‘Berria’-ko literatura kritikaria izan zen lau urtean eta Euskal Herriko hainbat komunikabidetan kolaboratu izan du.

Maialen Sarasua Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da 2005. urtean, Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean. Azken urteetan Moztu Filmak enpresan aritu da lanean eta ‘The Last Passage’ eta ‘Prohibido Recordar’ dokumentaletan, edizioan eta postprodukzioan hartu du parte. Aurretik, Orio Produkzioak-ek ekoitzitako Sautrela literatura saioko errealizadore izan. Egun, Zinez elkarteak bultzatutako ‘Kartzelako Poemak’ dokumentalaren edizioan dabil. Gidoilari eta zuzendari moduan, lau proiektu atera ditu aurrera Sarasuak: ‘Hemen Nago’ fikziozko film laburra (Lekeitiko Euskal Zine Bileran eta Huhezineman saritua), ‘Prescrit 69/78’ luzemetrai-dokumentala (beste hiru zuzendarirekin batera) eta ‘Uraren azalean’ eta ’14 Apostolu’ laburmetraia-dokumentalak.

Miguel Gomez-Tejedor Geologian lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean. 90. Hamarkadan diseinu grafikoan hasi zen lanean, eta 1998an animaziozko produktuak egiteari ekin zion. Baleuko ekoiztetxean hasi zen lanean, eta 2002an produkzio arduradun izendatu zuten. 2006an, berriz, Baleukoko garapeneko eta ekoizpen exekutiboko arduradun izendatu zuten ‘Blackie and Kanuto’, ‘The wish fish’, ‘Olentzero eta iratxoa’ eta ‘Olentzero eta oparien ordua’ lanak egiteko. Bestalde, ‘Black to the Moon’ eta ‘Smolitoon’ telesailak garatu zituen.

This slideshow requires JavaScript.

Advertisements
%d bloggers like this: