Aurtengo gonbidatua, Asier Altuna

Huhezinemako aurtengo hitzaldia Asier Altuna (Bergara, 1969) zinegileak eta gidoigileak eskainiko du maiatzaren 9an, asteazkena, Huhezi fakultateko kaperan (Eskoriatza), 17:30ean hasita. Hainbat film luze eta labur egin ditu Altunak; Aupa Etxebeste! (2005), Topeka (2004), Terminal (2002), 40 ezetz (1999) eta Txotx (1997), beste batzuen artean. Gainera, hainbat lan egin ditu Telmo Esnalekin batera.

Hitzaldi berezia izango da Altunak emango duena. Izan ere, Altuna berak zuzendutako ‘Bertsolari’ filmaren sormen prozesuaz jardungo du, besteak beste. Altunak honakoa dio Txintxua Films-en webgunean ‘Bertsolari’ filmaren sorkuntza prozesuaz: “Gaiak berak lagundu digu estimulu moduan filma sortzeko prozesuetan. Asko gozatu dugu inprobisatzen, gidoia filma egin ahala idazten, lehenik amaiera pentsatzen –bertsolariek egiten duten bezala–, bertsoen egitura eta pelikularena alderatzen, isiluneekin eta biluztasunarekin jokatzen, bertigoarekin. Baina batez ere intuizioak gidatu gaitu. Nora iritsiko ginatekeen oso ondo jakin gabe, prozesuarekin gozatu dugu, eta bukatu dugunean izugarrizko poza sentitu dugu”.

2011ko urriaren 14an estreinatu zen ‘Bertsolari’ filma zine aretoetan, eta Euskal Herri osoan izan du oihartzuna, herriz herri, auzoz auzo.

Advertisements
%d bloggers like this: