Jaialdi txikien xarma

Tucker Dávila Wood, Los Perfeccionistas filmaren egilea, Huhezinema saria jaso eta gero.

Tucker Dávila Wood, Los Perfeccionistas filmaren egilea, Huhezinema saria jaso eta gero.

Beste behin, pasa den ostegunean Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean ospatu genuen sari banaketa ekitaldia, film laburren jaialdi txikiek duten xarma bereziaren erakusle nabarmena izan zen. Arratsalde osoan zehar proiektatutako 12 film labur finalisten zinema zuzendari guztiak gerturatu ziren Huhezinemaren itxiera ekitaldira eta horrek giro paregabea sortzea ahalbidetu zuen, esparruko profesionalen zein ikasten ari direnen artean elkartruke interesgarria sortu baitzen. Hala, agerian geratu zen horrelako jaialdien beharra euskal zinemagintzan, izan ere, urtez urteko uzta ezagutzeaz gain, sorkuntza arloan harremanak egiteko eta esperientziak elkartrukatzeko balio duelako.

Jon Plazaola eta Ainhoa Vitoria aurkezleek gidatutako saio eramangarri, dinamiko eta interesgarria inoiz baino ikusle gehiagok jarraitu zuten zuzenean. Zinemazale, epaimahaikide, irakasle edota herritarrak ez ziren falta izan seigarren urtez jarraian Huhezi fakultateko komunikazio guneak antolatzen duen film laburren jaialdira. Eta ikus-entzunezkoen mailari buruz zer esan… Arkupe Kultur Etxea bete zuten ikusleak txundituta geratu ziren 12 lanek erakutsitako maila altuaz eta nahasketaz, aurtengo edizioan formatu anitzeko filmak aurkeztu baitira: animaziozkoak, esperimentalak, fikziozkoak eta errealitatea uztartzen dituztenak, besteak beste.

Huhezinema 2013ko azken ekitaldiari erakargarritasuna gehitzeko asmoz, proiekzio ororen aurretik egile bakoitzak bere lanaren argibideak eman zituen, anekdota, barre algara eta une hunkigarriez beteta. Finean, zinemagile euskaldunen topagunea bihurtu da Huhezinema Jaialdia eta urteen joanak egonkortu egin du, sendotu. Geroz eta aurkeztutako film labur gehiago, gorakada nabarmena kalitatean, zinemagileen presentzia, ikusle gehiago, diru sari potoloagoak edota babesleen leialtasunari eustea, are gehiago garai latz hauetan. Huhezinemak bide mardula egin du seigarren edizio honetan, eta baikortasun zein ilusioz begiratzen die aurrera begirako gainontzekoei. Let’s go!

Eskerrik asko guzti hau posible egin duzuenoi!

Sari banaketa ekitaldiko une bat, Arkupe jendez lepo. Argazkia: M. Blasco.

Sari banaketa ekitaldiko une bat, Aretxabaletako Arkupe jendez lepo. Argazkiak: M. Blasco.

Advertisements
%d bloggers like this: