Badauka epaimahaia VII.edizioak

Iristear da Huhezinema 2014 eta dagoeneko, urteroko legez, film labur finalistetatik irabazleak hautatzeaz arduratuko den epaimahaia osatu dugu. Aurtengo edizioan Maialen Beloki, Jon Garaño eta Anari Alberdi izango dira epaimahaikideak, hirurak Ikus-entzunezko arloan eskarmentu handikoak.

This slideshow requires JavaScript.

Maialen Beloki (1983) Ikus-entzunezko komunikazio lizentziatua (2005) eta Zinema teoria, analisia eta dokumentazioan doktorea (2010) da. Egun, Dokumentazio eta Film Departamentuko, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako eta Zinemirako arduraduna izatez gain, Komunikazio irakaslea da Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatean. Gainera, Pausa aldizkari elektronikoan kolaborazio puntualak egin ditu eta Antxon Eceiza, cine existencialismo y dialéctica (2010) liburuan parte hartu du. Film laburren hautaketa batzordeko kide izan da euskal film laburrak nazioartean sustatu eta banatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan (2012, 2013).

Jon Garaño (1974) donostiarrak, aldiz,kazetaritza eta publizitate ikasketak burutu zituen EHUn, eta zinema ikasketak Saroben eta San Diegon (AEB). 2001ean, Moriarti ekoiztetxea sortu zuen lau lagunekin batera eta bertan hainbat film labur eta dokumental egin ostean, 2010 urtean Jose Mari Goenagarekin batera zuzenduriko “80 egunean” film luzea estreinatu zuen.

Anari Alberdiri (1970) dagokionez, Azkoitian jaio zen euskal abeslari eta konpositorea da. Oso gaztetatik hainbat talde eta proiektutan jarduna, bakarlari moduan bere lehen pausoa Anari diskoarekin eman zuen, 1996an. Ondoren etorri ziren Habiak, Zebra eta oraingoz bere azken lana den Irla izan diskoa. Hainbeste urtetan han eta hemen dabil kontzertuak ematen. Bestalde, eta musikaren munduarekin oso estuki lotuta betiere, Bidehuts kolektiboko partaide eta sortzaile ere bada. Lisabo eta Inoren Ero Ni taldekideekin batera, egun Euskal Herrian erreferentzia den sorkuntza eta ekoizpen proiektu interesgarri horretan buru-belarri dabil azkoitiarra.

Martxoaren 28ko finalean lehiatuko den film labur oro hiru epaimahaikideen eskuetan dago, hala, honako sari hauek banatuko dituzte: Lehiaketa ofizialean Goiena Saria (1.200 €), Epaimahaiaren Sari Berezia (800 €), Vertigo Saria (600€) eta Ikusleen Saria (400 €); eta Ikasleen Lehiaketan MU Saria Fikzio onena (200 €), MU Saria Dokumental onena (200€), Ikusleen Saria (100€), Basque Culinary Saria (350 €) eta Ikusleen Saria (150 €)

Advertisements
%d bloggers like this: