HUHEZINEMA KALEAN!

This slideshow requires JavaScript.

Erlezainak dabiltza, Aretxabaletako plazan gora eta behera. Musika entzuten da. Plazaren erdian, bi aulki ilara. “Zer ote da?” galdetu dio emakume batek bere lagunari. Bi haur proiektore handi batera hurbildu dira. “Zer da?” galdetu dute. Arkupeetan garagardo batzuk hartzen dabiltzanen begiak aulki hutsetara begira daude, zain. Neskatoak proiektorearekin jolasean hasi dira, pantaila erraldoian forma ezberdinetako itzalak islatuz. “Noiz hasiko da?” galdetu dio agure batek bere iloba txikiari.

Iluntzeko 21:00ak heltzear daude, zeruko argiak dioenez. Laster, taldetxo bat bildu da aulkietara. Gero, beste bat. Horrela, lehen aulki hutsak zirenak, begi kuxkuxeroez bete dira. Bina gazte agertu dira jendetzaren aurrean, adoretsu, mikrofonoz hitz egiten: Huhezinemako 8. edizioari sarrera eman diote. “Aurtengo berrikuntza zinema kalera ekartzea izan da”.

“Baina, zer da?” pentsatzen dute mikropatinean dagoen txiki baten begiek. Huhezinema jaialdiari sarrera emateko, Sail Ofizialeko finalistetan sartu ez diren film labur batzuk proiektatu dituzte Aretxabaletako herriko plazan.

Jaialdiaren azalpen txiki bat eman ostean herrian ezaguna den Kepa Errasti irten da hitz egitera. Bere film laburra, “Aitona Mantangorria” ikustear zeuden ikus-entzuleei zuzendu da, ilusioz. Zinema kalera ateatzearen aldeko agertu da, ideia interesgarria dela aitortu du.

Eta istorioak hasi dira, istorioak pantailan. Plaza mutu gelditu da film ezberdinen ahotsak entzuteko. Poliki, gauak aulkien gainean egin du eztanda. Kanpandorreak ere abestu ditu 22:00ak. Hotzetan, txalo beroak aditu dira.

Huhezinema hasi da. Zinema kalera atera dugu.

Advertisements
%d bloggers like this: