HUHEZINEMAKO AZKEN EGUNA: SAIL OFIZIALA ETA SARI BANAKETA

This slideshow requires JavaScript.

Azkenean, bi egunetako zinema zaparradaren ostean, iritsi da Huhezinemaren azken eguna. Ikasle-antolatzaileak bueltaka dabiltza, Arkupe kultur etxera sartu eta irten. Egun handia da gaurkoa. Iker Gutierrez ikaslea eta Edurne Garmendia iritsi dira Aretxabaletako plazara: Huhezinemari bukaera emango dioten aurkezleak. Kamerinoan ezkutatu dira bizkor, gidoiari azken errepasoa emateko. Laster, aretoa betetzen joan da. Sail Ofizialeko 10 finalisten film laburrak ikusteko irrikatan, jendea gogotsu hurbildu da bertara. “Lehenengo bost ikusiko ditugu; atsedenaren ostean, beste bost” esan dute aurkezleek.

Eta argiak itzali bezain pronto, hasi dira ziztadak. Lehenengo bost film laburren ostean, ikus-entzuleak kafe bat edateko astia izan dute. “Istorio guztiak argi ikusteko” esan du mutil batek. Berriro barruan, azkenengo bostak ikusteko prest eseri da jendetza. Eta bukaerako film laburra ikusi ostean, ikusleen saria ematera irten dira. “Zein gustatu zaizu gehien?” galdetu dio lagun batek besteari. Honek “Aa..!” erantzun dio, keinu bat eginez. Sarrerako kutxa betetzen hasi da, jendeari gehien gustatu zaien film laburraren izenarekin. Nork irabaziko du saria?

Minutu batzuk pasa ondoren, sari banaketa hasi da. Sari potoloak banatu dira bertan: Basque Culinary Center saria “On Egin” lanarentzat (Haizea Arizaga, Eider Ballina, Anne Baskaran, Irati Briñas, Angela Carnovich eta Irati Crespo) eta lehiaketa honetako ikusleen saria “Da Casting” lanarentzat (Irati Elortondo, Loinaz Elorza eta Mikel Uralde). MUko fikziozko film labur onenaren saria “Katemotzak” lanarentzat (Amaia Beldarrain, Patricia Lasuen, Jone Amonarriz, Igor Agirre, Eñaut Abarrategi eta Izar Usobiaga), MUko dokumental onenaren saria “Ur Azpian” lanarentzat (Jon Campo, Ibai Iregi eta Iñaki de Bilbao) eta lehiaketa honetako ikusleen saria, berriz ere, “Ur Azpian” lanarentzat. Bukatzeko, Sail Ofizialeko sari nagusia, Goiena Saria, Aitor Arregiren “Zarautzen Erosi Zuen” lanak eraman zuen; ikusleen saria Mikel Alvariñoren “Oscar Desafinado” lanak eraman zuen eta aktore onenaren saria, lan berdineko Barbara Goenaga aktorearentzat izan zen.

Txalo jotze indartsu batek sari guztiak eman direla egiaztatu du. Arkupetik irten eta, jaialdiari agur ofiziala emateko, Orly tabernan dagoen luntxean batu dira parte hartzaile eta ikusle guztiak, baita antolatzaileak ere. Eguraldia aldeko dago: giro ederra egiten du. Horrela, Los Galerna talde arrasatearraren musika oihartzun egiten hasi da plazako arkupeetan. Horrela, jendea bere ziztaden berri ematen ari da. Horrela, musika eta irrien artean, bukatu da Huhezinemaren 8. edizioa.

Advertisements
%d bloggers like this: