Bertan da aurtengo Huhezinema

Hasi gara zinemaren zirrarak sentitzen! Astebete baino gutxiago falta da 9.Huhezinemari hasiera emateko. Martxoaren 16tik 18ra izango da. Besteak beste, hitzaldiak, filmen emanaldiak nahiz sari banaketak izango dute lekua hiru egunetan zehar.

huhezinema-2016-azkena.jpgNazioarteko film laburren emanaldi berezi batekin emango diogu hasiera aurtengo jaialdiari, izan ere, nazioarteko bihurtuko da Huhezinema. Donostiako Zinemaldiaren kolaborazioari esker, bi film labur egongo dira ikusgai martxoaren 16an goizeko 9:30etatik aurrera Aretxabaletako Arkupe aretoan: Nueva Vida (2015, Kiro Russo) eta Volando voy (2015, Isabel Lamberti). Bi filmak 2015eko Donostiako zinemaldiaren XIV. nazioarteko zinema ikasleen topaketan sarituak izan ziren.

Egun berean, 11etan Master Class bat egingo dute Pikadero (2015) filmeko Ben Sharrock zuzendariak eta Irune Gurtubai ekoizleak. Sharrock eskoziarraren lehen luzemetraia da Pikadero. Euskal Herrian euskal aktoreekin grabatutako euskarazko filma da eta 2015eko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Irune Gurtubai, berriz, Huheziko ikasle ohia da eta Sharrocken lehen luzemetraia ekoiztu du. Martxoaren 4tik ikusgai dago filma Euskal Herriko zinema aretoetan. Pelikularen sormen prozesuaren inguruan nahiz beste hainbat konturen inguruan arituko dira.

Ostegunean arratsaldean ospatuko den jaialdian, (14:30etik 17:30era) MUko ikasleen eta Basque Culinary saileko filmen emanaldia egingo da. Ikasleen sailera Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko maila guztietako ikasleen lanak jaso ditugu, 12 guztira.

Jaialdiaren azken egunari 17:00etan emango zaio hasiera. 20:00ak arte finalisten emanaldia izango da: Bere bizitzako bat (Aitor Gametxo), Break in (Mikel Aristregi eta Jose Bautista), Cenizo (Jon Mikel Caballero), Dantzariak (Axier Salazar), Duellum (Tucker Dávila Wood), Hartz txiki (Uraitz Doubies), I said I would never talk about politics (Aitor Oñederra), Lobito bueno, bruja hermosa (Ainara Porrón), Mezu bat hozkailuan (Erika Elizari eta Ekaitz Herrera) eta Napoleón y yo (Ander Duque). Epaimahaiari dagokionez Martxelo Rubio aktorea, Begoña del Teso zinema-kritikari eta kazetaria eta Gorka Bilbao zinemagilea izango dira berau osatuko duten kideak. Horrez gain, aretoan egongo dira pelikula finalisten zuzendariak euren lanak aurkezten.

Azkenik, jaialdiko zortzi sarien banaketa egingo da 20:00.etatik aurrera (informazio gehiago esku-programan). 21:00etatik 22:00etara luntxa egongo da Orly tabernan eta jaialdiari amaiera emateko, eta doako kontzertua egongo da 22:00etatik aurrera Aretxabaletako plazan.

Hemen, aurtengo spota:

Advertisements
%d bloggers like this: