Sari banaketa zirraragarria (martxoak 18ko kronika)

IMG_8062
Huhezinema 2016ko sarituak Arkupe aretoan.

Iritsi da 9.Huhezinemaren azken eguna. Bi egunetan zehar zinemaren zirrara sentitu dugu, eta gaur, are eta gehiago. Arkupe kultur etxean egun handia dela sumatzen da: ikasle antolatzaileak alde batetik bestera bueltaka dabiltza. Ane Zuazubiskar eta Odei Esnaola aurkezleak iritsi dira zinemara eta gidoiari azken errepasoa eman diote kamerinoan.

16:50tan ateak ireki dira, eta minutu gutxitan bete da aretoa. Jende ugari gerturatu da Sail Ofizialeko 10 finalisten lanak ikustera. Aurkezleak oholtza gainean azaldu dira eta hasiera eman diote jaialdiaren azken egunari. Filmen zuzendari nahiz ekoizleak lehen ilaretako eserlekuetan eseri dira eta Break In dokumentalaren zuzendari den Mikel Aristregi, eta Hartz txiki filmeko Ruben Sanchez aktorea igo dira eszenatokira. Proiektuen inguruko esperientziaz mintzatu dira ikusleen erabateko arreta lortuz. Txalo zaparrada handi batekin agurtu dituzte, eta hasiera eman die lehenengo bost finalisten lanei.  Ikusi ditugu filmak, eta 10 minutuko atsedenaren ostean, beste bostak proiektatu dira pantaila handian. Baina lehenengo, film bakoitzeko partaideetakoren baten hitzak entzuteko aukera izan dugu: Axier Salazar (Dantzariak), Aitor Oñederra (I said I would never talk about politics), Ander Duque eta Rosalinda Galan (Napoleon y yo) eta Tucker Dávila (Duellum). Bere Bizitzetako Bat laburmetraiaren zuzendariak, Aitor Gametxok, bideo bidez azaldu digu bere lanaren nondik norakoa. Izan ere, ezin izan da Arkupe Aretora gerturatu. Azken film laburra ikusi ondoren, onena zein izan den erabaki behar izan dute zinemara gerturatu direnek. “Zeini emango diozu botoa?” galdetu dio lagun batek besteari. Honek, “nik argi daukat” erantzun dio eta barre egin dute biek. Pixkanaka, kutxa botoz bete da: Bertan dago laburmetraia irabazlearen izenburua. Zein izango da saritua?

IMG_7968
Ikuslearen botoa emateko momentua.

Minutu batzuk geroago hasi da sari banaketa. Lehenik eta behin, Ander Gostin MUko Ikus Entzunezko Komunikazioa Graduko koordinatzaileak hartu du hitza. Jaialdiaren inguruan hitz egin du eta ondoren, sari potoloak banatzeko unea iritsi da: Basque Culinary saria Menzzi Txispas (Ander Mendizabal eta Jon Garate) lanarentzat eta lehiaketa honetako ikusleen saria Nahikua eta Soberan (Jon Campo) lanarentzat. MUko fikziozko film labur onenaren saria Zurea (Jon Garate eta Xabier Aztiria) lanarentzat, MUko dokumental onenaren saria Amaren Izenean (Irati Elortondo) lanarentzat eta lehiaketa honetako ikusleen saria, Triangeluak (Ibai Iregi) lanarentzat. Vertigo saria berriz, Dantzariak (Axier Salazar) lanarentzat izan da. Bukatzeko, Sail Ofizialeko sari nagusia, Goiena Saria, Aitor Gametxoren Bere Bizitzetako Bat lanak eraman du; ikusleen saria Axier Salazarren Dantzariak lanak eraman du.

IMG_8300
Dantzariak film laburraren lan taldea

Txalo zaparrada batekin amaitu da 9.Huhezinema jaialdiaren azken eguna. Ekitaldia amaitu eta arkupe parean dagoen Orly tabernan elkartu dira ikusle, parte hartzaile eta antolatzaileak. Revolutionary Brothersen kontzertua hasi da eta musika, algara eta hitzak dira nagusi Aretxabaletako plazan. Giro ederra dago. Eta giro eder horrekin esan du agur 9.Huhezinemak.

IMG_7976
Giro ederra eta zinema beteta egon zen sari banaketa ekitaldian.

 

IMG_8068
Zurea film laburreko lagunak saria jaso ondoren.
IMG_7987
Ikasleak eta film labur finalisten ordezkariak emanaldia hasi aurretik.