Film laburrak jasota, martxan da aukeraketa prozesua

2820.jpg

Laster hasiko gara pantailan proiektatzen. (Argazkia: Hiroshi Sugimoto)

Atzo itxi zen Huhezinemaren 10. edizioaren lanak entregatzeko epea. Guztira, 95 ikus-entzunezko jaso ditugu. Zuei esker, bilduma polita sortu dugu; mila esker zuen lanak gurekin partekatu nahi izanagatik. Huhezinemako antolatzaileak oso pozik gaude, izan ere, espero genuen baino lan gehiago jaso ditugu, are gehiago aurten errotik pelikulak jasotzeko modua aldatu dugunean. Online plataformak erabili ez baditugu ere ia 100 pelikuletara heldu gara!

Hori ez ezik, ekitaldiaren beharrei hobeto egokitzen zaion irudi berri bat sortu dugu eta laster gure sare sozialetan aurkeztuko dizuegu, izan ere, 10. urteurrena ospatzea aukera ezin hobea iruditu zaigu festibalaren irudia errotik aldatzeko.

Dagoeneko hautaketa prozesuan murgilduta gaude, beraz, adi egon, martxoaren hasieran finalisten berri emango baitizuegu.

Gazteok antolatutako ekitaldi hau pixkanaka haziz doa. Horregatik, beste behin ere eskerrak eman nahi dizkizuegu, elkarlanean guztiok handituko baikara.

 

Zinema aretoetan ikusiko dugu elkar!

Advertisements
%d bloggers like this: