Maider Fernández, Aitor Arenas eta Edurne Azkarate, Huhezinemako epaimahai ofizialean

Huhezinema jaialdiaren 11. edizioa hasteko aste pare bat geratzen diren honetan, dagoeneko baditugu epaimahai ofiziala osatuko duten kideak.

Urtero bezala, zineman dabiltzan profesional euskaldunak ekartzen saiatzen gara gure jaialdiko epaimahai ofiziala osa dezaten, eta aurtengoan Maider Fernández, Aitor Arenas eta Edurne Azkarate izango ditugu gurean.

Maider Fernandez Iriarte (1988) Hezitzaile eta zinemagile da. Gaur egun Bartzelonan bizi da, Señor y Señora-ak ekoizturiko Las letras de Jordi filma bertan burutzen ari delako. Tabakaleran lan egin zuen ikus-entzunezko teknikari bezala, eta ondoren, bertako bitartekaritza-taldeko kide izan zen. Las chicas de Pasaik-eko partaide ere izan da. Kolektiboaren lanak hainbat jaialditan aurkeztu dira, besteak beste, Donostia, SEFF, FIC Uruguay, Filmadrid edo Nantesko jaialdietan. Ikus-entzunezkoen sorkuntza eta hezkuntza uztartzen dituen erakunde eta iniziatibekin kolaboratu eta kolaboratzen du: Mostra de Dones, UAB Master Documental Creativo, Zineleku besteak beste.

Aitor Arenas Suso (1981) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat film laburren zuzendari eta produktorea. Arrigorriagako Umorea Labur Komedia Jaialdiko zuzendari. Film Laburren Banaketa eta Salmenten agentzia den BANATU FILMAKen fundatzailekidea eta egungo Zuzendari Nagusia. Hainbat zinemaldi eta erakundetan kolaboratzaile, estatu nahiz nazioarte mailan. Hainbat erakunde eta jaialditan programagile, CSFFn (Txina), esaterako, non duela bi urtetik hona International Consultant lanean diharduen. Laburren Koordinadorako kidea eta AICko (Asociación de la Industria del Cortometraje) zuzendaritza batzordekidea da.

Edurne Azkarate Sobrinok (1993) Gaztela eta Leoiko Arte Dramatiko Goi Maila eskolan ikasketak burutu ostean, Grzegorz Jarzyna zuzendariarekin lan egin zuen ‘GEN’ antzezlanean, TR Warszawa konpainian. Pasa den urtean Lander Garrok zuzendutako ‘Aulki Jokoa’ programa aurkeztu zuen ETB1en, azken Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena eginez. Orain arte, otsailean Sevillako Cicus jaialdian estreinatu den ‘The Leftovers, los que se han quedado’ antzezlanaren sorkuntzan murgilduta egon da María Beato, Gloria Aia eta Juanjo Villanuevarekin. Gaur egun Antzerki Ikasketetan Eszena Zuzendaritza masterra ikasten du UNIR unibertsitatean.

Horrenbestez, esperientzia handiko bi zinemagile eta aktore bat izango dira Aukeraketa Batzordeak hautatutako lanak epaitu eta sarituko dituzten arduradunak. Honakoak izan dira epaimahaiak emango dituen sariak: Sail Ofizialean Goiena Saria; MU ikasleen Sailean fikzio onena, dokumental onena eta argazki onena; eta, azkenik, Kutixi Sailean Basque Culinary Saria.

Aurtengo berrikuntza bezala Mundukide Saria banatzeko ardura ere izango dute, eta horretarako Mundukide Fundazioko ordezkari baten laguntza izango dute Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film laburra saritzeko.

Epaimahai Ofizialaz gain, Vertigo Saria MUko ikaslez osatutako epaimahai batek emango du, eta sail bakoitzeko Ikusleen Saria Arkupe Aretoko emanaldietan egongo diren ikusleek erabakiko dute.

This slideshow requires JavaScript.

Advertisements
Advertisements
%d bloggers like this: